Blogia
drogenmundua

ESTASIA

Estasia -MDMA edo Metilendioximetanfetamina- azken hamarkadan agertu diren drogetatik arrakastatsuena da. Ez da jendeak gehien erabiltzen duen droga, baina bai azkenaldian gehien ugaritu dena. Izan ere, 1987. urtean, heroinazale-hiesdun loturaren ondorioz, drogen munduan inflexio-unea gertatu zen eta heroinaren gainbehera etorri zen. Diseinuzko eta sintesi-drogen aroa hasi zen.

Usadioa berria zen, baina droga horiek ez. Lehendik zeuden substantziak ziren eta merkatuan nolabaiteko onarpena lortu zuten. Estasia, egoera puruan, zapore gaziko hauts zuria da. Kalean, hala ere, nekez aurki daiteke horrela, beste hainbat substantziekin nahastuta agertzen baita: kafeina, efedrina…. Eta koloreetako pilula edo kapsula itxurarekin saltzen dira. MDMA 1912. urtean Alemaniako Merck enpresako kimikariek sintetizatu zuten, gosea kentzeko balio zezakeela uste baitzuten. Ez zen merkatura ere iritsi. 50eko hamarkadan, borrokan egiteko ona izan zitekeelakoan, EEBBko armadak saiakuntzak egin zituen droga honekin. 60-70eko hamarkadan droga psikoaktibo modura erabiltzen hasi zen, psikoterapian. 80eko hamarkadan, berriz, -hainbat kultur- eta musika-mugimenduri lotuta- hedatzen hasi zen. Acid house, rave, makina… giro horretako hitzak dira.

Europan saltzen eta hartzen den estasi gehiena Herbehereetan egiten da. Izan ere, han tresnak erraz aurkitzen dira, oinarrizko produktu kimikoak eskuratzeko ez dago aparteko arazorik eta eginbehar horretarako prest dauden kimikariak ere erruz aurki daitezke. Estasia sintetizatzeko bideak bat baino gehiago dira, eta esperientzia apur bat duten kimikarientzat aukera berriak aurkitzea ere, ez da zaila. Europako laborategi gehienetan sistema MDF-2P zetonaren tratamenduan oinarritzen da. Produktu hori gutxira arte industrietan erabili izan da, baina orain eskuratzea ez da hain erraza. Horregatik ekoizle klandestinoek beste metodo batzuk aurkitu behar izan dituzte zetona hori lortu ahal izateko. Gai kimiko horretatik abiatuta estasia sintetizatzen da. Gero, estasi hori pilula edo kapsula bihurtu beharko da.

Estasiaren kimika

Estasi pilulak itxura, kolore, forma eta tamaina askotarikoak izaten dira; ez dago forma baten berri ematerik. Kanpotik desberdinak dira eta barrutik ere bai. Izan ere, estasiaren izenean saltzen den guztia ez da estasia. Estatistiken arabera, estasi izenean saltzen diren pilula eta kapsula guztien % 80 lotura kimikoa duten 4 anfetaminiko izango lirateke: MDMA, MDA, MDEA eta MBDB. Horietako lehena, MDMA, estasia bera, gehien agertzen dena da. MDEA anfetaminikoa dator gero; oso antzeko droga hau ere. Sailkapenean urrutiago egongo lirateke MDA, besteak baino toxikoagoa; eta azkenik, MBDB anfetaminikoa. Estasi izenean saltzen diren gainerako pilulek, % 20ek, ez dute MDMArekin zerikusirik. Anfetamina izan dezakete, kafeina, metanfetaminak, antihistaminikoak, antialergikoak, antibiotikoak eta abar. Argi dagoena zera da: pilulak zer diren ez jakiteak, pilula batetik bestera dosiak erabat desberdinak izateak eta droga ekoizteko produktu toxikoak erabiltzeak estasiaren kontsumoa osasun publiko arazo bihur dezakete.

Pilula faltsuak alde batera, teorian behintzat, MDMAren arriskurik handiena berak plazerra sortzeko eragiten dituen erreakzio neurokimikoetan dago. Estasia odolera iristen denean, serotonina askatzen duten neuronetara bideratzen da. Jakina denez, serotoninak gogoa erregulatzen du. MDMAk zelula horiei serotonina askatzea eragiten die, burmuineko bazter guztietara irits dadin. Serotonina-maila artifizialki igoaraztea arriskutsua izan daiteke. Normalean serotonina-mailari zehaztasunez eusten zaio, eta hori gorputzarentzat oinarri-oinarrizkoa da, serotoninak gogoa kontrolatzeaz gain, gorputzeko tenperatura ere kontrolatzen duelako. Izan ere, motzera begira, MDMAren arriskurik handiena hipertermia edo gorputza bat-batean berotzea da. Sistema serotoninaz betetzean, gau bakar batean bereziki hainbat dosi hartu eta gero, gorputzak tenperatura kontrolatzeko gaitasuna gal dezake. Egoerak berak ere ez du gehiegi laguntzen, kontsumitzaile gehienak jendez betetako toki itxietan biltzen baitira; askotan dantza egiten, gainera. Hasi berri askok ez dakitenez ura edan behar dela, gorputzeko tenperatura 43 °C-tik gora igo daiteke. Tenperatura horretan odola sendotu egiten da eta bihotzekoak ematea ez da batere arraroa.

Luzera begira ere, arriskuak omen daude. Johns Hopkins Unibertsitateko George Ricaurte neurotoxikologoaren iritziz, serotonina-kopurua galdu egiten da. Berak egin duen lanean ikusten denez, ohiturazko estasi-hartzaileek burmuinean serotonina gutxiago izaten dute.

Estasizaleak

Egin diren azken ikerketa-lanen arabera, estasia erabiltzen dutenen % 65 inguru gizonezkoak dira. Estasia hartzen dutenen gehienak (% 90) 18-24 urte artekoak dira, baina badira zaharragoak nahiz gazteagoak, eta adin txikikoak ere. Estasia hartzen duten gehienek hartzen dituzte beste droga batzuk ere. Lautik hiru tabako-erretzaileak dira. Beste hainbatek alkohola edaten dute. Gutxi batzuk haxisa modu erregularrean erretzen dute. Lautik batek anfetamina eta metanfetaminak -speed-a- ere hartzen ditu, baina opiazeorik ez.

Estasiaren kontsumo-maiztasunari edo beharrari begira, Espainian egin duten ikerketa baten arabera, bost estasi-kontsumitzaile mota bereizten dira:

  • Esperimentalak: urtean 10 aldiz baino gutxiago kontsumitzen dutenak, % 23,7.
  • Noizbehinkakoak: urtean 10 eta 50 aldi artean kontsumitzen dutenak, % 33,3.
  • Ohiturazkoak: urtean 50 eta 100 aldi artean kontsumitzen dutenak, % 25.
  • Intentsiboak: urtean 100 eta 400 aldi artean kontsumitzen dutenak, % 15.
  • Biziatuak: urtean 400 alditik gora kontsumitzen dutenak, % 3.

Ikerketa horrek dioenez, estasi-zaleek droga hartzeko arrazoi ugari aipatzen dituzte eta gehienek diote kontrola daitekeen droga dela, drogazaletasunik sortu ezin duena. Droga garbia ere badela diote, erraz erabiltzen dena, erosoa eta, beste batzuekin alderatuz gero, merkea.

Adituen artean eztabaida handi samarra dago droga honek eta antzekoek gorputzean eragiten duten ondorioez. MDMAk giza gorputzean 75-100 mg-tik gora eragiten du, hartu eta ordu erdira gutxi gorabehera; eragina, berriz, 4-6 ordutara desagertzen da. Zientzialarien arabera, estasiak edo MDMAk oinarrizko bi eratako eragina du: bizigarria eta psikodelikoa. Hartzaileek adierazten dutenaren arabera, eraginak bost multzotan sailka daitezke:

  1. Aldaketak umorean: poztasuna, energia, zoriontasuna, lotsa galtzea, barregura, sentsualitate gehiago, espiritualtasun gehiago, autoestimua berpiztea eta agresibitate gehiago.
  2. Harremanetarako eta berriketarako erraztasuna.
  3. Aldaketak pertzepzioan eta aluzinazioak.
  4. Sexu-grina handiagoa.
  5. Ideien argitasuna eta kontzentrazio-gaitasun handiagoa.

Ikusitakoagatik, oro har, esan daiteke estasia bizigarria dela, desio sexuala areagotu eta giza harremanak errazten dituela. Dena den, oso bestelako eraginak ere izaten ditu estasiak: egarria, aho lehorra, berotasuna, lorik egin ezina, gehiegizko izerdia, takikardia, kontrolatu ezin diren mugimenduak, larritasuna…, droga hartu eta ordu gutxira desagertzen omen dira. Baina denbora gehiago irauten duten eraginak ere baditu estasiak: nekea, kontzentratzeko zailtasunak, goserik eza, memoria galtzea, lanerako gaitasuna galtzea, haserrea, depresioa eta desio sexualaren falta. Beraz, sekulako kontrastea gertatzen da estasia hartu eta gutxira sortzen den energia eta zoriontasun sentsazioaren eta luzera -24 ordu- eragiten duen moteltasunaren artean.

"MDMA hartu duen jende gehienak -dio Ricaurte neurotoxikologoak- arrunta dirudi, baina baliteke hemendik 10-20 urtera ikustea droga ez zela pentsa zitekeen bezain ona".

0 comentarios